XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ekonomiazko hitzez errateko: behar dugu abertzaletasunezko kapitala berriz borrokan sartu, zerbait fruitu berri ekar dezan.

Hau dut erran nahi: 14 urteren lan batek abertzalarazi ditu jende asko eta hain segur uste den baino gehiago, baina abertzaletasun hori, jadanik deitua den gogobihotzezko adostasun batean dago eta Ipar aldeko abertzale guziek, salbu kulturazko taldexketan dabiltzanek, deus baino guttiago dagite borrokaren azkartzeko.

Egoera horri ikusten diogu bi arrazoin.

Jende balios eta borondate bero ainitz bada hain segur Ipar Euskal Herrian; bainan indarra arrunt taldezkatua; da edo, nahi bada, bada baturiko organizazio baten behar gorria.

Nahiz eta beharrezkoa izan behar ote da organizazio hori egin eta noiz?.

Egin ahal daitekea? Nolakoa eta norekilakoa? Zein problemak sortu dezazke ote holako egikunde batek?.

Hainbeste gogoeta-gai beste aldi batentzat, edo beste batentzat...

Bigarren arrazoia, abertzaletasunaren logeriarena, kasik erran genezaken paralisiarena, halako dinamika baten gabezian kausi genezakela badirudigu.

Gorago generesan, orain artinoko lanak nahiz eta estimagarrizko aurreramendua eman Euskal gauzari, ez diola zinezko aldaketarik ekarri Ipar Euskal Herriko egoerari.

Botatzen dugun ideia hau da: Euskal Herriaren min haundiena, zinez haundiena da, bizi ekonomiaren hilikiarena; abertzaleok ez baldin badiegu problema ekonomikoeri erantzun bat ematen eta lan hori ez baldin badugu geure arranguren lehen mailean ezartzen lehen bai lehen eta ahal bezain laster, geure Borroka (eta honen izenean egiten diren ekintza guziak) zentzuz husten dira.

Gure herrian lanik ez; lan gabeziak euskaldunak noranahi urruntzen; guk utziak bestek eskuratzen; Euskal Herria saldua, erosia, emana, ebatsia, galdua.

Abertzaleok ez badugu egoera horren aurka zerbait garbi muntatzen ez gara abertzaleak; eta orduan irringarri baizik ez da erratea, abertzaletasun bat badela.

Euskara ikastea, irakastea, lan pare-gabezkoa segurki, eta berdin abertzaleki egin daitekeena baina herrian bizitzea, bizi-araztea, lan egitea, lanaren sortzea eta horietarako nunbaitetik eren sortzea, hori bai eginbide zinez garrantzisuena, zinez abertzalea, eta... egitekoa duguna.

Badu hemengo abertzaletasunak dinamika berri baten beharra: ekonomiari buruzkoa baldin bada du bakarrik urrats bat gehiago egin-araziko gure borrokari.

Gu gara geure herriaren bizia.

Geure herria ez dugu bizi-araziko geure herrian biziz baizik.

Horretarako estruktura ekonomikoak falta: gauza ezaguna noski.

Urteak joan, urteak jin, beti gaude otoitz eta otoitz, otoi lantegiak ezar diezazkiguten!.

Bainan lantegirik ez, lana tirrit!.

Ez da ez herrian ez Frantzian sorgin onik horrela lantegi bat lurpetik jaliko duenik!.

Geure Borrokaren interesek manatzen gaituzte orain egoera ekonomiko honen akulatzera, lana geronek sortuz eta horri buruz gauzak geronek antolatuz.

Horrelaxe dugu dinamika berri bat sartuko abertzale giroan.

Ideia konkretuagoak balitezke segur, honen ondotik etzateko: ZABAL horretarako baita, baliatuko dugu laster azterketa honen urrunago jarraitzeko.

Hemengo gaztedia abertzaletasunaren itxaropen bakarra da.

Eta Euskadiren hautan du, eta izanen ere agian, hemengo gaztediak bere itxaropena.

Horretarako, gure guduak behar ditu buru-buztanak ongi josiak izan.

Erran nahi baita aspaldi honetan abertzale direnek badutela erresponsabilitatezko lana segitzeko gazte horiei buruz eta gainera, gorago aipatu diren gauza batzu ez ahantziz...